Ekainaren 10eko asteazkenean, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleen ordezkari gisa joandako lau ikaslek eta irakasleok Nafarroako Unibertsitate Publikora (NUP) bisita egin genuen, Giza Eskubideen Proiektua aurkezteko. Proiektu hori Eskola Solidarioen sarearen barruan garatu da, Nafarroa Nuevo Futuro Elkartearekin elkarlanean, eta ikasturte osoan zehar landu da.

Lan honen ardatza Senegalgo, Peruko eta El Salvadorreko pertsonekin izandako kultura arteko elkarrizketa izan zen. Ikasturtean zehar, topaketa eta esperientzia ugari partekatu genituen, eta horiei esker, besteak beste, Cadena Ser irratira eta Atarrabiako Udalera bisitak egin genituen.
Proiektuari amaiera emateko, bideo-truke bat egin genuen: gure ikasleek beren ustez esanguratsuenak ziren kultura-elementuak grabatu zituzten, hala nola dantza tradizionalak, gastronomia, mitologia, musika-tresnak eta abestiak. Ondoren, haiek bidalitako bideoei esker, Senegalgo eta Peruko errealitatean murgiltzeko aukera izan genuen.



