Petri Atarrabiako (1280-1347)
Fraide frantziskotarra, Erdi Aroko teologorik ospetsuenetakoa, “Doctor Fundatus” bezala ezagutua eta nafar erregeen kontseilaria. Iruñeko San Frantzisko komentuan ikasi zuen; hemen teologia maisu gradua erdietsi zuen. Aurrerago Pariseko Unibertsitatean ikasi zuen eta hemen ere, teologia maisu gradua lortu zuen. 1324 eta 1326 urteen artean, nahiz eta historikoki oso ongi zehazturik ez dagoen, Aragoiko frantziskotar probintziaren (Iruñeko, Erriberriko, Tuterako, Zangozako eta Lizarrako komentuek osatzen zuten Nafarroakoa bere baitan hartzen zuen) probintzia-ministro lanak egin zituen. Nafarroako komentu Frantziskotarrak ordezkatu zituen ordenak Tarragonan, 1317an, egin zuen kapitulu nagusian. Bertan, Aragoiko probintziaren ministro hautatu zuten (probintzia honek Nafarroa, Zaragoza, Katalunia, Valentzia eta Balear Irlak hartzen zituen bere baitan) Nafarroako Gorteen enbaxadore lanak egin zituen. Hala ere, gehien nabarmendu zen arloa, Felipe III.ak burutu zuen Foruaren hobekuntzan egindako lanean izan zen. Ezagutzen den bere liburu bakarra “Comentario sobre el Libro I de las sentencias” de Pedro Lombardo izenekoa da. Tortosan gordetzen da lau kodizetan. Atarrabiako Beti Onak Elkarteak “Petri Atarrabiako 1. Literatur sariketa” deitu zuen 1989an, ordutik urtero deitzen dena.